‘Bilbao-New York-Bilbao’, japonierara itzulitako hiru liburu onenen artean


Kirmen Uriberen Bilbao-New York-Bilbao nobela (Elkar, 2008) beste hizkuntza batetik japonierara itzulita 2012an argitaratutako hiru liburu onenen artean dago Mainichi egunkariak argitaratu duen zerrendan, bi idazle errusiarren liburu banarekin batera: Mikhail Xixkin-en Letter Book gutun liburua eta Sholem Aleichem-en Tevye nobela. Roberto Bolañoren 2666 eta Irene Nemirovskyren Suite frantsesa nobelen itzulpenak ere liburu onenen zerrendan sartu ditu Mainichi-k, baina aurretik aipatutako hiru horien atzetik.

Nami Kanekok itzuli zuen japonierara Bilbao-New York-Bilbao, euskaratik zuzenean, eta Hakusui Sha argitaletxeak argitaratu du haren lana, aurten. Yomiuri egunkariak eta Elle Japan aldizkariak ere urteko liburuen artean hautatu dute Uriberen lana.

“Oso gaur egungo nobela. Euskal Herria izeneko “herri txiki” horretako idazle honek munduko literaturaren esparruan ekiten dio bideari, komunikazio transnazionalaren bila.”

Mitsuyoshi Numano, Mainichi Shimbun

http://paperekoa.berria.info/plaza/2012-12-27/034/003/japonierara_itzulitako_liburu_onenetakotzat_jo_dute_wp_uriberena.htm