Portukoplak


Portukoplak
Elkar, 2006

portukoplakKirmen Uribek itsas kanten eta poemen antologia pertsonal bat egin du, ahozko tradizioko altxorrak jaso eta euskal idazleen idatziekin elkarrizketan jarriz. Alde batetik ahozko kantuak eta beste batetik idatzizko poemak txirikordatu egin ditu; kantu zaharrekin hasi eta XXI. mendeko poemekin bukatu, tartean bertsoak, bertso-jarriak, kantak, poema errimatuak eta askeak tartekatuz. Hau ez da bilduma bat, sorta baizik. Itsasoaren aitzakian sortutako guztia jasotzeko hainbat liburu beharko lirateke. Kirmen Uribek hobetsi egin du liburuaren osotasuna, poemak eta kanta solteak baino. Hobetsi egin ditu kantak poemak baino, eta poema klasikoak garaikideen gainetik. Badago testuekin jolas egiteko gogo bat. Ez dira sarrera akademikoak, literarioak baino.

Portua agertzen da ardatz gisa, hortik izenburua: Portukoplak, Koldo Izagirreren poema baten izenburua. Eta ideia hori itsas giroko erretratu kostunbristak gainditzeko asmotik dator.

Julio Caro Barojak esana utzi zuen, hitzik zaharrenak kenduta, itsasoarekin lotutako hitz tekniko guztiak antzekoak direla hizkuntza guztietan, baita euskaraz ere. Esate baterako, “balea”; esate baterako, “marinel”, esate baterako, “masta”; esate baterako, “sirena”. Badirudi kode internazional bat egon zela hasiera-hasieratik itsasorantz ematen zuten herrialde guztien artean. Izan ere, itsasoak ez gaitu aldentzen, elkartu egiten gaitu. Izan dadila antologia hau elkartzeko aitzakia.