Gogoetak


Kanpaiarena

(Berria, 2009)

Badira galdera batzuk ustegabean sortzen zaizkizunak. Galdera horiek, gainera, ez dute zentzu handirik izaten normalean. Kafea hartzen ari nintzela sortu zitzaidan hark, esate baterako. Etxepeko tabernan hartu ohi dut kafea, neure buru bakarrarekin eta barran jarrita. Epela eskatu ohi dut kafea, ahal bait azkarren nire zereginetara alde egiteko. Barran nagoela ondora norbait badatorkit hizketan hasiko natzaio baina eskuarki pentsakor egoten naiz, barra atzeko gauzei begira. Hantxe daude itsasontzien maketa txikiak, hantxe garai bateko itsas-mapak eta hantxe kanpaia.

Bada, aurreko batean neure buruari galdetu nion ea kanpai hura joko duten noizbait. Sekula ez zait egokitu. Neure buruari egin nion itaun Irlandako tabernetan egiten duten antzera joko duten, azken traguaren ordua heldu dela adierazteko. Baina berehalaxe baztertu nuen ideia hori. Ugazaba erratzarekin ateratzen denean, horixe izaten da azkena hartzeko ordua. Propina emandakoan joko dutela bururatu zait gero, baina arraro egiten zait norbaitek propina uztea, areago krisi garai hauetan.

Ezustean sortzen dira gisa horretako galdera inozoak eta ezustean iristen dira, baita ere, erantzunak. Gaur, sekula baino beranduago joan naiz etxepeko tabernara. Adineko gizonezkoak soilik zeuden bertan, kartetan jolasten. Halako batean, tabernariak dozena erdi baso bete ur atera ditu barrara eta kanpaia jo du. «Simtromaren ordua» oihukatu du gero. Gizonak mahaietatik jaiki eta botika hartzera joan dira barrara. Eta horrelaxe argitu da etxepeko tabernako kanpaiaren misterioa.

Mundua bitan zatitzen delako

(Gara, 2007)

Ez nuen bekarik lortu eta hortxe bukatu ziren nire ibilera akademikoak. Ez pentsa, jota egon nintzen aldi batean. Baina gaur egun pozik nago bide hori hartu ez izanaz

Gizateria sailkatzeko manerak asko dira, eta ohiturarik erabiliena da bi taldetan banatzea. Taldeok, gainera, aurkariak izango dira. Gisa horretako sailkapenen artean honako hauxe dut maiteena. Madrileko lagun bati ikasi nion. Haren aburuz, munduan bi erako pertsonak daude, taberna batera sartu eta barran geratzen direnak eta mahaietan esertzen direnak. Lagunaren ustez, barrako jendea bakartia da, baina zabalik dago entzuteko, jendea ezagutzeko prest. Mahaietakoak aldiz, jende itxia dira, ez dute beste inorekin ezer jakin nahi.

Ordenagailuez ari garelarik, zalantzarik ez da munduan bi erako pertsonak daudela: mac-zaleak eta pc-zaleak. Ni neu mac-zalea naiz. Zer egingo diogu bada, ez naiz-eta alferrik etxeko txikiena. Eta mutur-finekoa izaki, mac bat nire begien aurrean eduki eta berehalaxe maitemindu nintzen berarekin. Bost axola nolakoak ziren haren programak, bost axola abiadura, bost axola memoria, nik ordenagailu hura erosi nahi nuen.

Han-hemenka sosak bildu eta nire lehenengo maca erosi nuen, artean unibertsitateko ikasle nintzela. Ondo gogoan dut, Mac Classic bat. Niretzat mac hura munduko ordenagailurik ederrena zen, nahiz eta nik idatzitako testuak lagunen ordenagailuetan zabaltzea ezinezkoa egiten zitzaidan.

Are gehiago, bizi naizen artean eskertuta egongo natzaio mac hari. Ez nabil broman mac hark bizitza aldatu zidala esaten badizuet. Azalduko dizuet zergatia. Lizentzia bukatu eta unibertsitate munduan jarraitzea zen nire asmoa. Doktoratutzako eskoletara joan nintzen, joan nintzenez, eta ikasketa burutsuak egin nituen Literatura Konparatuaz. Tesia idaztea soilik falta zitzaidan. Tutoreak, halako batean, esan zidan tesia egiteko beka batzuk bazeudela eta aurkezteko. Txosten luze bat idatzi behar zen horretarako. Postmodernitatearen ondarea: ahots subjektiboaren arazoa mende berrirako poesian. Horixe izango zen nire lana.

Gomutan dut. Hamabost egun lan hura guztia burutzeko. Datuak bildu, ordenatu eta idatzi. Kostata baina bezperako gauean bukatzear nuen lana. Hogeita lau ordu ia lorik egin gabe. Xehetasun batzuk besterik ez ziren falta. Merezi nuela eta, pisu-kideari, Joni, otu zitzaion bizkotxoa egitea. Garai hartan gustuko nuen eta. Baina labea piztu eta ezustekoa gertatu zen. Etxeko argia joan zela. Salto egin zuten fusibleek. Eta argiarekin batera nire lana ere joan egin zen, desagertu hogeita lau ordu luzeko lana. Zorioneko Mac Classic hark ez baitzuen ezer grabatzen botoitxoari ematen ez bazenion. Goratu nituen Jon eta bere bizkotxoa.

Ez nuen bekarik lortu eta hortxe bukatu ziren nire ibilera akademikoak. Ez pentsa, jota egon nintzen aldi batean. Baina gaur egun pozik nago bide hori hartu ez izanaz. Postmodernitatearen ondarea: ahots subjektiboaren arazoa mende berrirako poesian. Aspertu baino ez nintzen egingo. Mac zahar hari esker, idazle bilakatu naiz bueltan bueltan. Eta bueltan bueltan zuengana etorri natzaizue gaur, istoriotxo hau kontatzera. Eta nahi baduzue hartuko dugu elkarrekin garagardotxo bat ere, hori bai, barran kokatuta.

Pankartak jartzeko argibideak

(Gara, 2007)

Amak beti esan dit entzun txarrekoa nintzela txikitan, kosta egiten zitzaidala esanekoa izatea. Zerbait agintzen zidanean ez entzunarena egiten nuela gehienetan. Ez nuela gustuko men egitea. Eta errebeldia puntu horri eutsi diot bizitza osoan. Bada hala ere gauza bat amari ondo baino hobeto ikasi niona, egia esaten. Kosta egin zait beti gezurra esatea, eta okerrena dena, esaten dudanean nabaritu egiten zait. Pankartarena gertatu zitzaidana arte.

Artean gazteak eta berdeak ginelarik, derrigorrezko soldaduzkaren kontra egitea egokitu zitzaigun garai hartako gazteoi. Intsumiso bihurtu ginen. Eta bagenuen ohitura herri guztia gure pankarta horiekin betetzeko, horia baitzen intsumisioaren kolorea. Gutariko lau kartzelan zeudela eta pankarta handi-handiak egin genituen egoera hura salatzeko. Gure asmoa zen elizako hormetatik behera eskegitzea, hantxe herri guztiak ikusteko moduan egongo baitziren. Zein toki aproposago horretarako elizako hormatzarrak baino.

Baina elizatik behera pankarta botatzea ez zen lan xamurra. Lehenik eta behin elizapean zegoen burdinazko hesi handi bat gainetik pasatu behar genuen. Atea izan bazuen hesiak, baina oso gutxitan zabaltzen zuten. Hesia beldurgarria zen benetan, burdinazko lantza puntadun batzuekin. Hura gainetik pasatzea arriskutsua zen, deskuidoa izan eta edozer gertatzeko moduan. Bada pankarta jarri behar genuen bakoitzean hesi hori zeharkatu behar genuen gure osasuna arriskuan jarriz.

Lagun bat eta biok ginen egun hartan pankarta jartzeko arduradunak. Eta ohi bezala hesia zegoen tokira hurreratu ginen. Inoiz baino beldurgarriagoa ematen zuen hesiak egun hartan. Horretan geundela, amaren txikitako irakaspena hartu nuen gogoan, beti ere egia esatea dela onena. Eta oso-osorik otu zitzaigun hobe genuela hesia gainetik pasatu baino apaizari baimena eskatzea. Pankarta jartzeko baimena eskatuko genion apaizari eta hark hesiko atea zabalduko zigun. Akabo gure estuasunak.

Biharamonean hantxe ikusi genuen apaiza kalean. Modu onean hurreratu gintzaizkion eta berarekin berba egin nahi genuela esan. Apaizak baietz. Gure inozentzia guztiarekin ea hesiko atea mesedez zabalduko zigun galdetu genion, pankarta horia bertatik eskegi behar genuela eta. Apaizaren erantzuna ez dut sekula ere ahaztuko. Esan zigun: «Baimena eskatzen badidazue, ezetz esan behar dizuet. Bada ez eskatu baimenik». Esan nahi zigun behin pankarta jarrita berak ez zuela kenduko, ezikusiarena egingo zuela, baina hori dela gauza bat eta oso bestelakoa dela berak guri baimena ematea.

Gauzak horrela, eskilaratxoa hartu eta han joan ginen enegarrenean laguna eta biok hesia gainetik pasatzera. Pankarta jarri genuen eta hantxe egon zen egun batzuetan. Baina esan bezala ez dut ahaztuko apaizaren esaldi hura. Egia esan behar da, bai, baina jakin behar da momentua aukeratzen.