Poemak


MAIATZA

Utzi begietara begiratzen.
Nola zauden jakin nahi dut.
Rainer W. Fassbinder

Begira, sartu da maiatza,
Zabaldu du bere betazal urdina portuan.
Erdu, aspaldian ez dut zure berri izan,
Ikarati zabiltza, ito ditugun katakumeak bezala.
Erdu eta egingo dugu berba betiko kontuez,
Atsegin izatearen balioaz,
Zalantzekin moldatu beharraz,
Barruan ditugun zuloak nola bete.
Erdu, sentitu goiza aurpegian,
Goibel gaudenean dena irizten zaigu ospel,
Adoretsu gaudenean, atzera, papurtu egiten da mundua.
Denok gordetzen dugu betiko besteren alde ezkutu bat,
Dela sekretua, dela akatsa, dela keinua.
Erdu eta larrutuko ditugu irabazleak,
Zubitik jauzi egin geure buruaz barre.
Isilik begiratuko diegu portuko garabiei,
Elkarrekin isilik egotea baita
adiskidetasunaren frogarik behinena.
Erdu nirekin, herriz aldatu nahi dut,
Nire gorputz hau albo batera utzi
Eta maskor batean zurekin sartu,
Gure txikitasunarekin, mangolinoak bezala.
Erdu, zure zain nago,
Duela urtebete etendako istorioa jarraituko dugu,
Ibai ondoko urki zuriek uztai bat gehiago ez balute bezala.

IBAIA

Garai batean ibaia zen hemen
baldosak eta bankuak dauden tokian.
Dozena bat ibai baino gehiago daude hiriaren azpian,
zaharrenei kasu eginez gero.
Orain langile auzo bateko plaza besterik ez da.
Eta hiru makal dira ibaiak hor
azpian jarraitzen duen seinale bakar.

Denok dugu barruan uhola dakarren ibai estali bat.
Ez badira beldurrak, damuak dira.
Ez badira zalantzak, ezinak.

Mendebaleko haizeak astintzen ditu makalak.
Nekez egiten du oinez jendeak.
Laugarren pisuan emakume nagusi bat
leihotik arropak botatzen ari da:
alkandora beltza bota du eta gona kuadroduna
eta zetazko zapi horia eta galtzerdiak
eta herritik iritsi zen neguko egun hartan
soinean zeramatzan txarolezko zapata zuribeltzak.
Hegabera izoztuak ematen zuten bere oinek elurretan.

Haurrak arropen atzetik joan dira arineketan.
Ezkontzako soinekoa atera du azkenik,
makal batean pausatu da baldar,
txori pisuegi bat balitz bezala.

Zarata handi bat entzun da. Izutu egin dira oinezkoak.
Haizeak errotik atera du makaletako bat.
Zuhaitzaren erroek emakume nagusi baten eskua dirudite,
beste esku batek noiz laztanduko zain.

BISITA

Heroina larrua jotzea bezain gozoa zela
esaten zuen garai batean.

Medikuek esaten dute okerrera ez duela egin,
eguna joan eguna etorri, eta lasai hartzeko.
Hilabetea da berriro esnatu ez dela
azken ebakuntzaz geroztik.

Hala ere egunero egiten diogu bisita
Arreta Intentsiboko Unitateko seigarren kutxara.
Aurreko oheko gaisoa negar batean aurkitu dugu gaur,
inor ez zaiola bisitara agertu diotso erizainari.

Hilabetea arrebaren hitzik entzun ez dugula.
Ez dut lehen bezala bizitza osoa aurretik ikusten,
esaten zigun,
ez dut promesarik nahi, ez dut damurik nahi,
maitasun keinu bat besterik ez.

Amak eta biok soilik hitz egiten diogu.
Anaiak lehen ez zion gauza handirik esaten,
orain ez da agertu ere egiten.
Aita atean geratzen da, isilik.

Ez dut gauez lorik egiten, esaten zigun arrebak,
beldur diot loak hartzeari, beldur amesgaiztoei.
Orratzek min egiten didate eta hotz naiz,
hotza zabaltzen dit sueroak zainetan zehar.

Gorputz ustel honi ihes egingo banio.

Bitartean heldu eskutik, eskatzen zigun,
ez dut promesarik nahi, ez dut damurik nahi,
maitasun keinu bat besterik ez.

KUKUA

Apirilaren hasieran entzun zuen aurrena kukua.
Urduri zebilelako beharbada,
kaosa ordenatzeko joera horrengatik beharbada,
kukuak zein notatan kantatzen zuen jakin nahi izan zuen.

Hurrengo arratsaldean, hantxe egon zen basoan zain,
diapasoia eskuan, kukuak noiz kantatuko.
Diapasoiak ez zioen gezurrik.
Si-sol ziren kukuaren notak.

Aurkikuntzak bazterrak astindu zituen.
Mundu guztiak frogatu nahi zuen benetan
nota horietan kantatzen ote zuen kukuak.
Baina neurketak ez zetozen bat.
Bakoitzak bere egia zuen.
Fa-re zirela zioen batek, Mi-do besteak.
Ez ziren ados jartzen.

Bitartean, kukuak kantari jarraitzen zuen basoan:
ez si-sol, ez fa-re, mi-do ezta ere.
Mila urte lehenago bezala,
kukuak kuku, kuku kantatzen zuen.

APARTE-APARTEAN

Sei urterekin egin zuten lehen itsasoratzea aitak eta osabak,
eta patroitza Bustio baporean ikasi.
Gogorrak ziren garai hartako patroiak,

ekaitz egunetan ukabilak estutu eta zerura begira
“bizarrik badaukazu etorri hona!”
Jainkoari amenazu egiten zieten horietakoak.

Mutil koskorrak zirenean, igandeko mezetara
txandaka joan behar izaten zuten lau anai nagusiek,
traje bakarra baitzen etxean. Bata elizatik etorri,

trajea erantzi, besteari eman
eta horrela joaten ziren mezetara,
nor bere orduan, nor bere zapatez.

Umetan, aita itsasotik iristen zen egunean,
portuko morro luzeenean egoten ginen zain
mendebaldera begira. Hasieran

ezer ikusten ez bazen ere, laster
antzematen zuen gutariko batek hodeiertzean
puntu beltz bat, pixkanaka itsasontzi bilakatzen zena.

Ordu beteren buruan heltzen zen ontzia morrora,
eta bira egiten zuen gure aurrean portura sartzeko.
Aitak agur egiten zigun eskuaz.

Ontzia igaro orduko, ariniketan joaten ginen
atrakatu behar zuten tokira.
Aita ohean azkenetan zegoela ere

gorazarre egiten zion bizitzari,
eguna bizi behar dela esaten zigun,
beti arduratuta ibiliz gero ihes dagiela bizitzak.

Eta agintzen zuen: Beti iparralderago
joan behar duzue, ez da sarea bota behar
arraina ziur dagoela dakizuen tokian,

aparte-apartean bilatu behar da,
daukazuenarekin konformatu gabe.
“Heriotzak ez du irabaziko”

idatzi zuen Dylan Thomasek,
baina nonoiz irabazten du,
eta halaxe amatatu zen aitaren bizitza ere,

mendebaldera eginez
hodeiertzean galtzen zen itsasontzia bezala,
uberan oroitzapenak marraztuz.