Bitartean heldu eskutik

2001
Itzulpenak: Ingelesa (Graywolf), gaztelania (Visor), frantsesa (Le Castor Astral), katalana (Proa), errusiera (Guernica Press), georgiera (Ilia University Press).

Ez dezala kritikak esan liburu honetan eguneroko bizitza dagoela islaturik, mesedez. Hori da, hain zuzen, egunerokotasunarena diot, kritika batek aurkitu berri duen azken lelokeria. Telefonoak, autobideak, sukaldeak, hipermerkatuak, ospitaleak eta abarrekoak agertzen badira poema liburu batean berehala ekarriko dute hizpidera eguneroko bizitzarena. Zuhaitzek, hodeiek, itsasoek eta abarrekoak ez omen dute eskubiderik kategoria horretara sartzeko. Zerua egunero dugu buru gainean, baina, arestian esan bezala, inguratzen gaituen hitzen esanahien hondamendi honetan zeruak bere errealitatea galdu duela ematen du. Gutariko bakoitzari aita behin bakarrik hilko zaio, ez da hori egunero gertatzen den gauza bat. Ospitalera joatea bisitan eta kimioterapia saioetara ez da egunerokotasuna, hori bai, egunero daude ospitaleak jendez beterik, eta autobideak, eta hipermerkatuak, eta parkeak. Baina ez dira jende, bakoitza jainko bat da, heroi bat, sagarrak erosten edo medikuaren atearen aurrean zain. Egunerokotasuna ez da ezer, zerbait baldin bada bizitzak ezkutatzen eta, aldi berean, erakusten duen beste gauza ezdeus bat, beste mirari ezdeus bat izango litzateke. Zuhaitzen koloreen mudantzari erreparatzea eta etxera iristean telefonoaren erantzungailua piztea, biak dira ekintza poetikoak, biak baitira bizitza ekintzak. Liburu hau bizirik dago, besterik ez.

Rikardo Arregi Diaz de Heredia